XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

(...), bere zeregin itogarriak berdingabeko esperientziaren emaitzak irakaskuntzaren bidez jendeari jakinarazi zizkion hura.

Gauzen hain praktika hedatua zeukana izaki eta, gainera, filosofia zabal eta aldi berean zuhur eta berritasun guztien jakingura batek argitua, ezinbestekoa zen haren hitzek itzala izatea eta bere inguruan zeukan ohore morala eta kausa handi guztietan eman zuen laguntzen oroitzapena oraindik gehiago nabarmentzea, Buisson jaunak kausa horien alde bere bizitza osoa eskaini baitzuen.

Nik ezin dizuet eskaini trebetasun berezi-berezi horren antzekorik ezer.

Beraz, biziki beldurtua sentitu beharko nuke nire eginkizunak berekin daramatzan zailtasunen aurrean; hain arazo konplexuak adimen desberdinek, eta ikuspuntu desberdinetatik, balioski azter ditzaketela jakiteak, ordea, lasaitu egiten nau.

Soziologoa izaki, bereziki soziologo naizen aldetik mintzatuko natzaizue hezkuntzaz.

Bestalde, gisa honetara jokatzeak ez dakar, gauzak ikusi eta azaltzeko orduan, beroriek desitxuratzeko inolako arriskurik; alderantziz, konbentzituta nago ez dagoela beste metodo egokiagorik horien egiazko izaera agerian jartzeko.

Pedagogi gogoeta ororen postulatutzat daukat, hain zuzen, hezkuntza, bere jatorrien nahiz zereginengatik, oroz gainetik izaki soziala dela eta, ondorioz, Pedagogiaren Soziologiarekiko menpekotasuna beste edozein zientziarekikoa baino estuagoa dela.

Irizpide hau izango baita nire ikastaroa gidatuko duena, jadanik beste Unibertsitate batean emandako ikastaroan halaxe izan zen bezala, iruditu zait komeni zela zuekiko lehen harreman honetaz baliatzea hura bistaratu eta zehazteko ondoko aplikazioak hobeto segi ahal ditzazuen.

Ezin da frogapen argi eta garbirik eman ikasgai bat bakarrean.

Hain orokorra den eta hain eragin hedatuak dituen printzipio bat ezin da egiaztatu pausoka ez bada, gertakarien xehetasunean barneratuz eta printzipio hori nola aplikatzen den ikusten den heinean.

Hori bai, oraintxe bertan egin daitekeeena zera da: